Zeberiotik Ibilaldia (PR-BI-11)
Zubialde - Mandoia - Argiñao - Ermitabarri - Zubialde
Udaletxearen aurrean dagoen Zubialde plazatik irtengo gara, eta, errepidea gurutzatu ondoren, Barbatxao eta Ereñotza auzoetara igoko gara. Barbatxao auzoa zeharkatutakoan, saihesbide txikia hartuko dugu, eta Santomas zarraren baseliza ikustera joango gara. Iturrizarren arabera, gainera, Zeberioko antzinako parrokia izan zen.
Bide asfaltatuak Ereñotza auzora eramango gaitu, eta, bertan, elizbide zaharra hartuko dugu, hau da, auzokoek Andra Maria baselizara joateko erabiltzen zuten bidea. Baseliza hori, hain zuzen ere, Zeberiogane izeneko muinotxoan dago, eta, bertatik, bailarako eta Gorbeiako parke naturaleko ikusmira ederrez gozatuko dugu.
Ametzola auzo hurbilera doan errepidea hartuko dugu berriro. Bide asfaltatua amaitu egingo da, eta bailara babesten duten mendietarantz (Mandoia, Upo, Artanda…) doan mendi-bidea hasiko da. Antzina, bailarok zeharkatzen zituzten mandazainek, merkatariek eta auzokoek erabiltzen zituzten bide hauek.
15 minutuz lasai-lasai igo ondoren, Irumugarrietara iritsiko gara. Mandoia mendiaren magaletik igotzen jarraituko dugu, harik eta malda gogorraren ostean gailurrera iritsi arte (637 m). Ibilbideko tarte horretan, Zeberioko bailararen ikuspegi zoragarriez gozatuko dugu. Gailurretik bertatik, berriz, gure lurraldeko mendi nagusiak, Urkiolako zein Gorbeiako parke naturalak eta Arratiako zein Ibaizabalgo bailarak daude ikusgai.
Mendiko ibilbide estuak berriro eramango gaitu Etxazo auzoraino jaisten den mendi-bidera. Bertan, gainera, San Esteban baseliza ikusi ahal izango dugu. Etxazotik, Orbetzura joango gara, eta, horretarako, Gorositu auzoa zeharkatuko dugu. Orbetzura iritsitakoan, lehenengo baserriaren alboan eta gure eskuinean dagoen bideak Barañao auzoko San Antonio baselizarantz eramango gaitu. Honen hormetako batean, leiho bitxia dago, baseliza bera baino zaharragoa dena.
Barañaotik, Ibarrondo ibaiko erriberara jaitsiko gara, eta, ibaian gora, izen bereko auzoraino iritsiko gara. Auzunea gurutzatu ostean, igotzen jarraituko dugu, harik eta arroa inguratu ondoren mendi-bidea berriro jaisten hasi arte. Bertan behera utzitako Apalagabekoa baserritik hurbil dagoen seinaleak Argiñaoko San Adrian baseliza ikusteko gonbitea egingo digu. Baseliza muino baten gainean dago, eta honek ere horma baten beste leiho bitxi bat dauka. Zenbait historialariren arabera, pieza monolitiko horiek XI. mendekoak izan litezke.
Argiñao auzo lasaira eramango gaituen bidea hartuko dugu berriro. Mendibide eta bide zaharretan zehar, Ibarrondo ibaiko erriberara jaitsiko gara berriro. Errege-bidea hartu eta Ermitabarri auzora helduko gara, Ibarrondo auzoa zeharkatu eta gero. Lurrezko geruza finak antzinako galtzadako harriztadura zaharra estaltzen du, tarte batzuetan agerian geratzen dena.
Auzoan bertan, Olabarrietako Santo Tomas eliza nabarmendu beharra dago. Bere elizpean biltzen eta bedeinkatzen zituzten Gorbeiako bazkalekuetara uda pasatzera eramaten zituzten artaldeak. Ermitabarrin, mendiko ibilbide honen saihesbideetako bat hasten da, eta transhumantziarako bide horren zati bat zeharkatzen du (PR-BI 11.1).
Mendiko ibilbide estua hartu eta Zubibarrira itzuliko gara, hariztiak, pinudiak, baso mistoak eta errekasto bat edo beste zeharkatu ondoren. Zeberio ibaiak ibilbidearen amaierara heldu garela adierazten digu.
ZEBERIO (BIZKAIA)
18,5 KM
5 ordu
520 m
ZAILTASUN HANDIA