Gorbeiako “txoko kuttunaren” bila ari gara
Gorbeialde Landa Garapen Elkarteak eta Gorbeialdeko Kuadrillak “Gorbeiako nire txoko kuttuna” lehiaketa antolatu dute. Gonbidapena luzatu diete herritarrei eta bisitariei, Gorbeia Helmuga Turistikoan ateratako argazkiak instagram sare sozialera igotzeko.
Gorbeia helmuga turistikoak “Gorbeiako nire txoko kuttuna” aurkeztu du. Instagram sare sozialean egingo den lehiaketa bat da, eta gertuko ingurunea erakusteko argazkiak igotzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei eta bisitariei: paisaia gustukoena, iluntze bukoliko bat, txoko ezezagun bat, bertako gastronomiako gustuko jaki bat, azoka-egun bat, ingurune natural bat edo Gorbeia Central Park-eko esperientzia bat izan daiteke, beste askoren artean. Lehiaketak izaera propioa izango du, eta baita sariak ere, baina, horrez gain, aurkeztutako lanek estatu osoko argazkiekin batera, “Mi rincón favorito” lehiaketa nazionalean hartuko dute parte.
Helburua
Deialdiaren helburua da herritarren eta bisitarien sormen-gaitasunari bultzada bat ematea, argazkilaritza digitalaren eremuan. Era berean, sare sozialak edukiz aberasteko helburua ere badu, beti ere erantzukizunez eta kultur-helburuekin erabilita. Gainera, lehiaketak promozio-helburua ere badu, izan ere, Gorbeiaren ezaugarri nabarmenenak erakustera iritsi nahi du, sare sozialak erabili eta komunikazioaren ikuspegi birala aprobetxatuta.
Nola parte hartu
Parte hartzeko, nahikoa da mugikorrarekin argazki bat ateratzea (beste edozein gailurekin ateratako argazkiak ere onartzen dira). Ondoren, Instagram sare sozialera igo behar da, lehiaketako hashtag-ekin (#MiRinconFavorito, #GorbeiaEuskadi #CorazónVerdeDeEuskadi), eta, aurkezten den argazki bakoitzeko, izena emateko ondorengo formularioa bete behar da (Formulariora lotura). Formularioan bertan dituzue lehiaketaren oinarriak ere. irudiaren deskribapen-testua aurkeztutako lanaren parte izango da, eta epaimahaiak kontuan hartu ahal izango du irabazleak aukeratzerako orduan. Testuaren formatua eta luzera librea da, eta baimenduta dago bertan emotikonoak sartzea. Hala nahi duen orok har dezake parte, adina edo jaioterria edozein izanik ere. Baldintza bakar bat dago: aurkeztutako lanak Gorbeia helmuga turistikoan egindakoa izan behar du (parke naturalak, turismo-baliabideak, udalerriak… Gure webgunean kontsultatu dezakezu: www.gorbeiaeuskadi.com).
Sariak
Lehiaketak bi sari izango ditu: lehenengoa, 200 eurokoa, eta bigarrena, 100 eurokoa. Lehenengo saria irabazten duen lana promoziorako materialetan (postalak, pegatinak, posterrak) inprimatzeko erabiliko da, eta lehiaketa irabazi duen lana dela adieraziko da bertan.
Baina, gainera, argazki irabazleak “Mi rincón favorito” proiektuaren estatu mailako sarietan parte hartuko du:
1. saria: 500 euro
2. saria: 400 euro
3. saria: 300 euro
4. saria: 200 euro
5. saria: 100 euro
10 akzesit-sari, 50 eurokoak
Epea
“Gorbeiako nire txoko kuttuna” lehiaketan lanak inskribatzeko epea irailaren 4ra arte (berau barne) egongo da zabalik. Bertako lehiaketaren sariak irailaren 12an ezagutaraziko dira, eta estatu mailakoak irailaren 27an, Turismoaren Nazioarteko Egunean, argitaratuko dira.
“Mi rincón favorito”: Instagram kontua
“Mi rincón favorito”: facebook kontua
Comments