top of page

GORBEIA JOMUGA TURISTIKOAK “GORBEIA BIRA BIKE TOUR” AURKEZTU DU



  • Gorbeiako Jomuga Turistikoak bultzatutako produktu turistiko berri horrek Gorbeiara, Euskadiko bihotz berdera, erakarri gura ditu Mountain bike zaleak

  • Gorbeia Jomuga Turistikoa, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien eskutik iritsiko da FITURera

  • Ekimena Agustin Otsoa Eribeko Landak, Gorbeialdeko Kuadrillako Presidenteak, eta Eider Ajuriagerra Aranak, Gorbeialdeko ADRko Presidenteak aurkeztu dute

Gorbeia Jomuga Turistikoak, munduko turismo profesionalentzako urteroko lehen hitzordua eta Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako liderra den FITUR azokan gaur eman du ezagutzera aisialdirako bere aukera berria: “Gorbeia Bira Bike Tour”. Produktu turistiko berri honen helburua Mountain Bike zaleak Gorbeiara erakartzea da, bi edo hiru egunetan egin ahal izango den 100 kilometroko ibilbide zirkularraren bitartez. Ibilbide berri horren bidez, bisitariak interes naturaleko lekuetan, Gorbeiako Parke Naturalean besteak beste, kulturaletan, Areatza, Legutio edo Otxandioko hirigune historikoetan, eta turistikoetan, Urrunagako eta Albinako urtegietan edo Albertiako, Altubeko, Izartzako eta Presazelaiko pagadietan gelditu ahal izango dira.


Horrela aurkeztu da “Gorbeia Bira Bike Tour”, Gorbeiako Parke Naturala eta bere tontorrik enblematikoena inguratzen dituen mendiko bizikletentzako ibilbide berria. Mountain Bike zaleei zuzendutako aisialdiko aukera berri horrekin, Gorbeia Jomuga Turistikoak, turismo aktiboaren eta naturaren eskaintza osatu, eta jomuga berde gisa duen nortasuna indartuko du. Proiektuaren helburuen artean hauek daude:

  • Datozen urteetan hazkunderik handiena izango duen turismoko segmentuetako bat garatzea.

  • Gorbeia bere nortasun berde eta natural nabarmenari lotutako turismo aktiboko jomuga gisa kokatzea.

  • Lurraldean lehendik dagoen eskaintza turistikoa zabaltzea eta urtaroen mende ez egoten laguntzea.

  • Sektore pribatuarekin lankidetzan aritzea, zikloturistaren beharretara bideratutako kalitate handiko harrera lortzeko.

Profesionalentzat

“Gorbeia Bira Bike Tour” ekimenaren aurkezpena Agustin Otsoa Eribeko Landa Gorbeialdeko Kuadrillako Presidenteak eta Eider Ajuriagerra Arana ADR Gorbeialdeko Presidenteak egin dute. Hitzorduan izan dira, halaber, Goyo Zurri, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria; Juan Felipe García Miravalles, Arabako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Cristina Múgica Vargas Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasun eta Turismo zuzendari nagusia; eta Javier Gorbeña García, Zigoitiko alkatea. Bi eskualdeetako teknikariak ere egon dira jardunaldian.



Comments


bottom of page