top of page

Ezagutu ezazu eskualdeko bi artisauk elkarlanean egindako Tote Bag Gorbeialdea berria

  • Gorbeialdeko Kuadrilla harro dago produktu bakan eta berezi hau aurkezteaz: % 100 kotoi organikoz egindako tote bag artisaua.

  • Bi artisau-enpresak, Zigoitiko Dorikiri by Gli eta Urkabustaizko Caostura, Gorbeialdearen (Euskadiko Bihotz Berdea) esentzia eta edertasuna bereganatzen dituen ilustrazio bat diseinatzeko trebetasunak batu dituzte.

  • Eskualdeko naturaren eta ondarearen isla da poltsa hori, eta Murgiako (Zuia) Turismo Bulegoan dago eskuragarri.

Dorikiri by Gli Zigoitiko enpresa artisauak Gorbeialdeko baliabide naturalak, ondarezkoak eta jarduera ekonomikoak irudikatzen dituen ilustrazio aparta diseinatu du. "Euskadiko Bihotz Berdea" ikurpean, irudi honek bihotz berde bat erakusten du, bertako ekosistema biziari esker taupaka. Ibaiak eta ur-jauziak dira bihotza elikatzen duten zainak, landare eta animaliek bihotz berezi hau bizitzaz betetzen duten bitartean.


Irudiak Gorbeialdeko dibertsitate naturalari egiten dio omenaldia, eta hainbat espezieren garrantzia nabarmentzen du: nartzisoak, pago-zuhaitz ikonikoa... Faunak ere leku berezia du, erdian orein dotorea duela, euskal abereez inguratuta: latxa ardia, pottokak... Urtegia, Gorbeiako gurutzea eta Legutioko arkua bezalako elementuen presentziak eskualde honetako naturaren eta gizakiaren arteko fusioa nabarmentzen du.

Tartean dagoen beste enpresa artisaua Urkabustaizko Caostura da, poltsa eskuz eta tokian bertan egin duena, animali-ustiapenik gabeko materialak erabiliz. Kolore gordineko loneta erresistenteak eta % 100ean kotoizko oihal polit batez forratutako barrualdeak eguneroko bizitzarako osagarri eroso eta arin bihurtzen dute poltsa. Iman bidezko itxigailuak eta xehetasun txikiak zaintzeak nortasun eta berezitasun bakana ematen diote sortutako poltsa bakoitzari.


Eskuz egindako poltsa hau hau, Gorbeialdeko naturarekiko eta ondarearekiko maitasunaren sinboloa izateaz gain, kontsumo kontziente eta arduratsuarekiko konpromisoaren erakusgarri ere bada. Murgiako Turismo Bulegoan 25 euroren truke poltsa hori eskuratzean, herritarrek eta bisitariek bertako artisautza ikusarazten eta Gorbeialdeko produktu jasangarri eta ekologikoak babesten laguntzen dute. Gorbeialdeak bere bihotz berdearen zati bat eramatera gonbidatzen zaitu, artea eta natura esanahiz betetako poltsa batean lotuz. Ez galdu Murgiako Turismo Bulegoan artisau pieza hau erosi eta eskualde honen zati bat zurekin eramateko aukera!

Comments


bottom of page